Orriak

2017-06-22

bitar-hexadezimal

Karaktere-kateekin lan eginez; kopuru bat sistema bitarrean emanik, dagokion zenbaki hexadezimala lortu nahi da.

Biten laukote bana sistema hexadezimalera igarotzeko taula hau aintzakotzat hartu:




BitarHexadezimal_01.pas
Programa honek ez du jasotzen daturik teklatuaren bitartez. Karaktere-kateak diren zenbaki bitarrekin, eta karaktereak diren zenbaki hexadezimalekin lan egingo du.

FOR
nagusi batek 10 aldiz errepikarazten du honako hau:
  • Random(2) funtzioa 4 aldiz aplikatuz, lau biteko sLaukoteBitarra zenbaki bitarra  eskuratu.
  • Eskuratutako laukoteari dagokion cEmaitzaHexadezimala zenbaki hexadezimala lortu (zifra bateko zenbaki hexadezimala izango da).
  • Bilatzen den emaitza pantailaratu, hots, zenbaki hexadezimala pantailaratu.
Hauxe da ariketari erantzuten dion BitarHexadezimal_01.pas iturburu-programa, non 10 aldiz sLaukoteBitarra karaktere-katearen baliotik cEmaitzaHexadezimala karakterea lortzen den.



BitarHexadezimal_02.pas
Programa honek ez du jasotzen daturik teklatuaren bitartez, karaktere-kateak diren zenbaki bitarrekin eta zenbaki hexadezimalekin lan egingo du. Zenbaki bitarren bit kopuru maximoa 60 izango da. Ondorioz, zenbaki bitar horien ordezkoak diren zenbaki hexadezimalen zifra kopuru maximoa 15 izango da (izan ere, 15x4=60 delako).

FOR nagusi batek 4 aldiz errepikarazten du honako hau:
  • Zenbaki bitar baten bit kopurua Random funtzioz eskuratu (gehienez 60 bit, eta gutxienez 4 bit).
  • Lortutako biten kopuru horrekin zenbat laukote osatzen diren kalkulatu. Azken laukotea osatu gabe geratzen bada, behar beste 0 aurretik jarri.
  • Ezkerretik hasita, banan-banan laukote guztiak prozesatu, laukote bakoitzari dagokion sinbolo hexadezimala lortuz.
  • Laukote guztien sinbolo hexadezimalak metatuz joan zenbaki hexadezimala osatu arte.
  • Emaitza den zenbaki hexadezimala pantailaratu.
  • Zenbaki bitarraren eta hexadezimalaren neurriak hobeto antzemateko, erreferentzia bat idatzi da (unitateak adierazten dituzten 60 zifra, eta hamarrekoak adierazten dituzten 6 zifra).
Hauxe da ariketari erantzuten dion BitarHexadezimal_02.pas iturburu-programa, non 4 aldiz sZenbakiBitarra karaktere-katearen baliotik sEmaitzaHexadezimala karaktere-katea lortzen den.



BitarHexadezimal_03.pas
Programa honek karaktere-kateak diren zenbaki bitarrekin eta zenbaki hexadezimalekin lan egingo du. Programaren hasieran, zenbaki bitarra adierazten duen karaktere-kate bat jasotzen da teklatuaren bitartez.

Zenbaki bitarra teklatuz irakurtzeko behar den karaktere-katearen luzera maximoa 37 izango da. Izan ere, zenbaki bitarraren egitura hau izango da: gehienez 16 karaktere alde osorako, karaktere 1 punturako, eta gehienez 20 karaktere alde dezimalerako. Dena den, datua teklatuz irakurtzean txikiagoa izan daiteke, adibidez honako hau: 10010.100 (zein alde osoan bost karaktere dituen eta alde dezimalean hiru).

Zenbaki bitarraren ordaina izango den zenbaki hexadezimalaren egitura berdintsua izango da: gehienez 4 karaktere alde osorako, karaktere 1 punturako, eta geheinez 5 karaktere alde dezimalerako, hots, zenbaki hexadezimalak gordetzeko 10 karaktereko katea beharko da.

Hauek dira programaren urratsak:
  • Sarrerako datua teklatuz irakurri, zenbaki bitarra kate bezala irakurri. Urrats hau ez amaitu sarrerako datua egokia izan arte, honako hauek kontrolatu:
    • Alde osoaren karaktere kopurua aproposa dela (gehienez 16).
    • Alde dezimalaren karaktere kopurua aproposa dela (gehienez 20).
    • Alde osoaren karaktereak egokiak direla (0 eta 1).
    • Alde dezimalaren karaktereak egokiak direla (0 eta 1).
  • Zenbaki bitarraren alde osoaren katearekin lan eginez, laukoteak osatu eta bitak falta badira, alde osoaren aurretik behar beste 0 txertatu.
  • Zenbaki bitarraren alde dezimalaren katearekin lan eginez, laukoteak osatu eta bitak falta badira, alde dezimalaren bukaeran behar beste 0 gehitu.
  • Zenbaki bitarraren alde osoaren katearekin lan eginez, laukoteak prozesatu bakoitzari dagokion sinbolo hexadezimala kalkulatzen joan eta haien guztien metatua lortu.
  • Zenbaki bitarraren alde dezimalaren katearekin lan eginez, laukoteak prozesatu bakoitzari dagokion sinbolo hexadezimala kalkulatzen joan eta haien guztien metatua lortu.
  • Alde osoa eta alde dezimala elkartu.
  • Emaitza den zenbaki hexadezimala pantailaratu.
  • Zenbaki bitarraren eta hexadezimalaren neurriak hobeto antzemateko, erreferentzia bat idatzi da (unitateak adierazten dituzten 40 zifra, eta hamarrekoak adierazten dituzten 4 zifra).
Hauxe da ariketari erantzuten dion BitarHexadezimal_03.pas iturburu-programa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina